[Imc-euskalherria-editorial] MusikHerriak Etxebizitzaren Aldeko Baterajotzearekin bat egiten du

MusikHerria info at musikherria.org
Tue Jan 8 01:22:58 PST 2008


ETXEBIZITZAREN ALDEKO BATERAJOTZE NAZIONALA

Orain dela bi urte zenbait musikari eta gaztek MusikHerria sortu  
genuenetik bertatik azpimarratu genuen gure Herria eta Musika batuko  
zituen proiektua zela. Lehen egunetik, beraz, eragile moduan eta musikaren  
esparrutik herri mugimenduekin eta herri aldarrikapenekin bat egiteko  
hautua egin genuen.

Horregatik, ezin utzi dezakegu alde batera etxebizitzaren arazoa.  
MusikHerria batez ere jende gaztez osatutako eragilea izanik, hurbiletik  
ezagutzen du euskal gazteriaren eguneroko ogia: prekarietatea. Eta honen  
adierazgarri da etxebizitzaren arazoa. Etxebizitza duina izatea eskubidea  
izan arren, higiezin, banku eta konstruktoreek inolako lotsarik gabe  
eskubidea dena negozio bihurtu dute gazteria miseria eta kale gorrira  
kondenatuz.

Etxebizitzaren arazoa gero eta larriagoa da, batez ere gazteoi  
dagokigunean, eta hala ere, herritarren mesedetara egon beharko luketen  
instituzioek ez dute deus ere egiten herritarrona den etxebizitza  
eskubidearen alde. Hori dela-eta, kalera atera eta inoiz baino indartsuago  
etxebizitza duina aldarrikatzeko momentua dela deritzogu. Instituzio,  
promotore, higiezin eta banketxe diruzale horiek guztiek argi izan behar  
dute gazteria dagoeneko nazkatuta dagoela miserian bizitzera, nazkatuta  
dagoela gutxi batzuen diru-goseaz, nazkatuta dagoela hainbeste putrez.

Horregatik, MusikHerriak datozen urtarrilaren 11 eta 12rako eragile  
desberdinek deitu dituzten Etxebizitzaren Aldeko Baterajotze Nazionalaren  
baitako mobilizazio eta ekimen guztietan parte hartzeko deia luzatu nahi  
dio gizarte osoari eta, bereziki, arazo hau erarik latzenean jasaten duen  
gazteriari.

ETXEBIZITZA ESKUBIDEA GAUZATZERA GOAZ!

-- 

MusikHerria musika kolektiboa
http://www.musikherria.org
info at musikherria.org




More information about the Imc-euskalherria-editorial mailing list